2012-12-02

Postprograma

Behin IKT izeneko ikasgaia amaituta, hiru hilabete hauetan burutatu ekintza esanguratsu guztiak biltzeko ordua da, postprograma izeneko jardueraren bitartez. 

Blog honetan ikusi ahal izango duzuenez, hainbat kontzeptu jorratu izan ditugu, baina hasieratik hasiko gara horiek guztiak hurrenez hurren laburki aztertzeko.

Ikusi ahal izango duzuenez, ikasgai honetan, talde bakoitzak blog bat izan du oinarri gisa, eta bertan eskegi izan ditu haren zeregin guztiak, baita bakoitzari bururatu izan zaizkion hainbat eranskin, bizitza pertsonalari edo interesgarriak izan diren dokumentuei erreparatuz. 

Lehenengo egunean, aurkezpen gisa, irakasleak gure bizitzan IKTek zer nolako garrantzia eta eragina zuten jakiteko nahian, galdera batzuk erantzutea proposatu zigun honen inguruko aurreiritziak jakiteko asmoz, eta hortik abiatuz, hurrengo hilabetetan zehar emateko prest zegoenaren metodologia zehazteko.  

Bigarren egunean, berez IKTko eduki bat ez den, baina irakaslearentzat gurekin elkarbanatzeko ezinbestekoa izan den pertsonai bat ezagutuko dugu, Frederik izenekoa. Berez, jarduera hori horretan geratu da, ez dugu besterik egin izan behar, baina gure taldea klasean gertatzen den guztia dokumentatzeaz arduratzen denez, sagutxu honen ipuinaren irudiekin bideo bat egin dugu, gure ahotsekin lagundurik. 

Hurrengo egunetan, irakasleak gure bloga osatzeko denbora eman baino lehen, berak azalpen  eta iradokizun zehatz batzuk eman izan dizkigu, guretzat momentura arte ezezagunak izan diren kontzeptuak irakatsiz eta irakasle izango garen heinean, ondo etorriko zaizkigun hainbat iradokizun pedagogiko eskainiz. IKTei erreparatuz, esan bezala, hainbat eduki ikasi izan ditugu, hala nola, Copyright-ak, Copyleft-ak, Creative Commons, RSS-ak, Etiketak eta Hastag-ak. 

Gainera, pedagogiari erreparatuz, aipatzekoa da Javier Abad-en bloga gomendatu izan digula  behin baino gehiagotan irakasleak, beste batzuen artean, noski, eta hau nahiko lagungarria izan zaigula taldeka hezkuntzari begiratuz hainbat lan egiterako orduan. 

Dakizuenez, lan talde bakoitzak zeregin bat izan dugu esklusiboki bere blogran lantzeko, eta hori behin bukatuta, aurkezpenen garaia heldu da. Hauei esker, pilo bat ikasi dugu, sarritan aipatu bezala, talde bakoitzak momentura arte askorentzat ezezagunak izan diren aplikazio teknologikoak azaldu eta horiek erabiltzen irakatsi baitu. 

Bukatzeko, eta ikasgai honi amaiera emanez, ebaluazioaren, autoebaluazioaren eta koebaluazioaren ordua heldu da. Horrela, azken saioan, taldeka bildu eta gainerako taldeen lana, baita gurea ere ebaluatu behar izan dugu.